Lorena García
Jada, Magisteritzako 3 urteak pasa dira, jada, irakasle on bat izateko ikasi behar nuen guztia ikasi dut eta orain zer?, nolako irakaslea izango naiz?. Alde teoriko eta praktiko guztiak gainditu ditut, baina irakaslea izateko prest nago?
Nire ustez bai. 3 urte hauetan, ikasitako guztia, gelan martxan jartzen badut, nire helburua beteko dut, hau da, irakaslea izatea eta batez ere, irakasle on bat bihurtzea.
Baina ikasgai hau, teknología berriak, nola sustatuko ditut gelan? Dakigunez, teknología berriak, munduan asko zabaldu eta aurreratu dira, esaterako, irratia 38 urte behar izan zituen audientzia lortzeko eta internet-ek aldiz, 4 urtetan audientzia eskuratu zuen.
Jakinda, teknologia berriak asko zabaldu direla gaur egun, eta hemendik aurrera gehiago zabalduko direla, hezkuntza mailan barneratu beharko ditugu. Horregatik, nik irakaslea izanik, nire ikasleei aukera emango diet teknologia berriekin ibiltzeko, hauekin ondo pasatzen duten bitartean.
Ikasys proiektua azaltzera etorri zirenena, egia esan, proiektua asko gustatu zitzaidan eta hausnarketa batetara iritsi nintzen; nire gelako ordutegian teknologia berria ikasgaia sartuko nuela. Hau, astean bitan izango zen, eta ohiko ikasgaiak ( matematika, adierazpen grafikoa, hizkuntza...) bertan sartuko nituzke. Horrela, haurrek beste modu batean ikasteko aukera izango dute.
Hala ere, badakit teknologia berriak gelan sartzea ekonomikoki asko eskatzea dela, baina klaustroko bileretan eskakizuna egingo nuke.
Teknologia berriak gelan sartzeko, baita ere, beste eskolako irakasleekin harremanetan jarriko naiz. Horrela, foro bat ireki dezakegu eta elkarlana trukatu ere, beste eskoletako haurrekin harremanetan jartzeko aukera izango baitute, teknologia berriak manipulatzen eta erabiltzen dituzten bitartean.
Hala ere, hau dena aurrera eramateko gure ( irakasleen) eskakizuna eta motibazioa oso garrantzitsua da. Irakasleek, teknologia berriei buruz informazioa eduki behar dute, hau da, erabili egin behar dituzte. Ez du balio esateak , teknologiekin “ gaizki” konpontzen garela, helburua haurrei erakustea eta beraiekin ondo pasatzea baita eta horretarako irakasleok gogoa eta denbora eskaini behar diegu teknologia berriei. Irakasle batek jakin behar du teknologia berriak erabiltzen gero gelan aplikatzeko.
Hausnarketa honetan, argi eta garbi utzi dut, nola barneratuko ditut teknologia berriak nire gelan, baina bukatu aurretik esan, ez diela lekua kenduko, eskulanei eta liburuko materialei, betiko metodologia ere oso garrantzitsua da eta.
Laura Landa
Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut irakasle izateko erabakia hartu nuen eguna. Hil edo biziko erabakia iruditzen zitzaidan momentu horretan hartu beharrekoa eta ondo pentsatu ondoren amaitzear dagoen bideari ekin nion (edo hastear dagoenari?).
Hiru urtetan ikasgai asko landu ditugu, batzuk oso baliagarriak eta beste batzuk hutsuneak betetzekoak diruditenak, eta azkenekoetarikoa teknologia berrien ingurukoa izan dugu. Esan daiteke gu teknologia berrien aurrerapenekin batera hezi garela, txikitatik izan dira gure egunerokoaren parte eta gure generazioei zaila egiten zaigu hauek gabeko bizitza bat imajinatzeak (ordenagailu eta telebista gabekoa, edota kalkulagailu eta mugikorrik gabekoa). Honegatik guztiagatik, ezin dugu imajinatu hauek gabeko etorkizun bat, ezta gela barrukoa ere, noski. Hala ere, denok hauen garrantziaren jabe izan arren, irakasgaia eman dugun azkena eta bi hilabete eta erdiko iraupenekoa izan da soilik, eta ondo pentsatu ondoren, ez al zen irakasgai hau hiru urtetan zehar baliabide desberdinak aztertuz landu beharrekoa?
Bi hilabete eta erdi hauetan ikusi ahal izan dugu teknologia berrien erabilpenak ez dakarrela erosotasuna soilik, gai barietate handiagoa, sakontasun handiagoz eta lantzeko era desberdinak eskuratzeko aukera ematen digu. Ikasle bakoitzari egokitzeko aukera ematen du, eta baita talde lana era ezberdinez aurrera eramatekoa ere (bakoitza bere etxean egon arren docs taula baten bidez adibidez).
Baina alde positibo asko ikusten dizkiodan arren, arrisku handiak ere ikusten dizkiot, eta horregatik diot irakasgai honen inguruko informazioa handiagoa jasotzea ezinbestekoa dela. Nork ziurtatzen dit indibidualismorako joera hartuko duen ikaslerik ez dudala aurkituko?edota irakaslea bera izango dela inkontzienteki teknologia berrietara itxi eta beste aukera zabalak (orain artean funtzionamenduan daudenak) baztertuko dituena?
Azken finean gaur egun haur gehienak etxean ez dute hauekin aritu besterik egiten, eta batzuentzat eskola izan daiteke teknologia berririk gabe aritzen diren esparru bakarra. Eskolan ere sartzen baditugu, ordea, nola ezagutuko dituzte ikasi, jolastu eta beste zentzuetan aberasteko era ezberdinak? Nola lortuko dituzte harreman ezberdinak bizitzeko esperientziak? Nola sinistuko dute astebetean makinarik gabe beste mila gauza egin daitezkeela?
Hau da, konklusiotzat argi utzi nahi dut teknologia berrien ezagutza beharrezkoa iruditzen zaidala, eta hauek ikasgela batean ekartzen dituzten laguntzak baloratzekoak direla, baina aldi berean honekin azaldu nahi dut bide txarra aukeratuz gero ondorioak ere oso negatiboak izan daitezkeela, eta hauek haur hezkuntzako gela batean oso arriskutsuak izan daitezkeela.
Hauen erabilera zuzena edo okerra izatearen erantzuleak gu izango gera… prest al gaude erabilera zuzen bat bideratzeko?
Maddalen Iriondo
Argi dago denbora uste genuena baino askoz lehenago pasatzen dela, eta dagoeneko hiru urte pasa dira hainbeste urteetako ametsa lortu nuenetik. Jende askori esan izan diot irakasle izan nahi nuela, eta oraindik baditut nire irakasle batzuk gogoan dituztela nire hitz horiek. Eta hemen nago, “irakasle” titulua ia-ia besapean, munduari begira, eta nik zer egingo dudan galdezka. Duda asko, baina hauen atzean milaka irribarre, bilera, mintegi, lan, lagun, ezagun, talde lan, hausnarketa, bideo … eta gauza hauek azkenean dira eramango ditudanak nire bizitzara, nire hezkuntza mundura, nire izatera.
Baina azken batean bidai honetan zehar hainbat zentzu, erantzun… aurki ditut “irakasle izango naizenean, zer?” galderari. Ez da erantzun erraza, ez baitago bakarra eta ona denik, baina gaur eta orain asko baloratzen dut irakaslea pertsona bat dela, bere gaitasunak izateaz gain, badituela bere oztopoak eta hauei erantzun posibleak bilatu behar dizkiogula. Bestetik, ez dugu ahaztu beharko haurrak hezitzen ari garela, eta hauen ondoan egon behar dugula, batzuei musu, besarkada, hitz, keinu … bat eginez, eta beste batzuei txalo, opari, etab. bat emanez. Funtsean umeak hezten ari gara, etorkizuneko suhiltzaile, mediku, lorezain, hezitzaileak …, eta gure esku daukagu hauen hezkuntza, gure esku dago irudimen handikoak izatea nahi dugun, gure esku dago komunikazioak duen garrantziaz konturaraztea, bai hitzezkoa baita gorputzaren adierazten duguna, gure esku dago kooperatibismo eta elkarlan batean heztea, eta ez indibidualismoan, gure esku dago… Eta errealitatean zer da gertatzen dena, gauza asko gure eskutan, denbora gutxi, 20 ikasle egunero, 40 heldu atzetik… Hortaz, eta ikusirik aldaketek denbora beharra dutela, has gaitezen eskola irekitzen, mundura zabaltzen, irakasleak ere ikasle izaten eta jendeari aukerak ematen.
Teknologi berrien inguruan esan, ezin dela ukatu mundu horren parte direla, baina kuestionatu dezakegu edota mugatu hauen erabilera. Ikasgai honen bidez argi daukat IKTak gure lanaren baliabide bat direla, bakoitzak ikusi beharko du zer egin hauekin, baina nik argi daukat bigarren plano baterako utziko ditudala, gaur egun afektibitatearekin lan gehiago egin behar delakoan bainago. Dena dela, hau lortutakoan, ez legoke gaizki munduan ezagutaraztea, zabaltzea… eta baliteke hau egiteko teknologia berrien beharra izatea. Ondorioz, ez dezagun ahaztu zeintzuk diren gure helburu nagusiak, eta hauek betetzeko behar ditugun baliabideak ondo aukeratu beharko ditugu.
Esandako guztia laburbiltzeko esan, irakasle batek beti bidean egon behar duela, beti aurrera eginez, baina ikusiz, disfrutatuz ondoan daukan paisaia, ondoan dauzkan animalitxoak, atzean uzten dituen hodeiak, ilargiak, eguzkia, … Zertarako ahaztu pertsona garela, eta izaki guztiok bezala gauzak sentitu, bizitu, disfrutatu… behar ditugula?
Illart Betelu
Kurtsoa amaitzear dago, lan handia egin dugu hiru ikasturte hauetan eta gauza asko ikasi ditugu dudarik gabe. Baina, ikasitakoa praktikan jartzeko unea iritsi zaigu eta bakoitzak bere era edukiko du hau egiteko.
Teknologia berrietan murgildu gara azkeneko lauhileko honetan. Argi dago, eta askotan aipatu dugun bezala, teknologia berriek orpoak zapaltzen datozkigula, eta geroz eta leku gehiago hartzen ari direla. Gure lana orain, hauek nola erabiliko ditugun inguruan hausnartzea da.
Nik argi daukat, ezin ditugu alde batera utzi, beraz, hauek erabiltzea derrigorrezkoa iruditzen zait, ez gizarteak horrela eskatzen duelako, gure lanean oso erabilgarriak izan daitezkeelako baizik.
Honekin batera esan beharra daukat, ez dugula ahaztu behar teknologia berriak lan tresna bat direla eta gure lana hobetzeko eta errazteko erabili behar direla eta ez derrigorrezko jarduerak bezala.
Nire aldetik esan, teknologia berriak egunerokotasuneko jardueretan erabiltzeko asmoa dudala, jarduera hauek teknologia berrien beharra eskatzen dutenean. Argazki kamera, ordenagailua, proiektorea, bideokamera, eta bideojokoak izango dira nire lantresnak, arbela, liburuak, arkatzak eta margoekin batera. Ez dago esan beharrik, hauek menperatu eta eguneratua egon behar dudala hauei etekin handiena atera ahal izateko. Beraz, ikastaroak eta egunean jarraikako erabilera izatea beharrezkoa ikusten dut.
Bukatzeko esan argi daukadala teknologia berriek ez dietela lekurik kenduko eskulanei edo liburuei, biek izango dute lekua nire klaseetan.
miércoles, 2 de junio de 2010
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario